Arabako Errioxako lurralde plan partzial berria idaztean, herritarren parte-hartzea lehenetsiko da

Foru Aldundiak aurreikusi duen metodologiak erdigunean ipiniko ditu udalen, administrazio batzarren, gizarte eta ekonomia eragileen eta herritarren

Abian ipini du ptpriojaalavesa.eus web orria, parte hartzea errazteko

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 9a.

Arabako Foru Aldundia berraztertzen ari da Arabako Errioxako lurralde plan partziala. Horrek balioko du eskualdeko hirigintza plan orokorrek bete beharreko baldintzak zehazteko. Berrazterketak lehentasuna emango dio herritarren parte-hartzeari. “Nahi dugu biztanleek, eremu guztietatik, zuzeneko informazioa eman diezagutela beren beharrizanez eta arazoez, eta bizi diren tokiko garapen jasangarrirako daitezkeen alternatibei buruzko proposamenak”, azaldu du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak, azpimarratuz garrantzizkoa dela “tartean diren eragile guztiak bat datozen ikuspegi bateratu bat lortzea, gizarte akordio zabalago bat”.

Hain zuzen, parte-hartze prozesua eragile publiko nahiz pribatuak identifikatuz hasiko da, plan berria idaztean giltzarria izango baitira. Ondoren, eragile horiekin guztiekin sakoneko elkarrizketak egiteko asmoa dago, bai eta lan bilerak, talde tematikoak, lantegiak eta jardunaldi irekiak.

Web orri berria

Dinamiken, erakusketen edo ikus-entzunezko elementuen bidez lana herritarrengana hurbiltzeko modua ematen duten tresnak ere erabiliko dira Gainera, informazio guztia eta parte hartzeko sarbideak web orri batean jasoko dira. Dagoeneko kontsultatu daiteke: ptpriojaalavesa.eus eta Instagram @PTPriojaalavesa.

Partaidetza aldetik metodologia berritzaile bat da, hura prozeduraren hasieratik barnean hartzeko asmoa duena. Zehazki, eskualdeko udal ordezkariek parte-hartzea lortu nahi da, eragindako administrazio guztietatik informazioa bildu, arloz arloko lan taldeak eratu eta oro har herritarrak inplikatu. Zehazkiago, parte-hartze taldeak aktibatuko dira, ekarpenak egin ditzaten askotariko gaiei buruz, hala nola monumentu multzoak, ongizatea eta osasuna, mahastiak eta turismoa edo lurraldearen osasun ekologia, besteak beste. “Nahi dugu ekonomia, gizarte eta udal eragileek, baita biztanleek ere, oso eginkizun aktiboa izan dezaten”, esan du Galerak amaitzeko.